Aste Santua igaro orduko udari begira jartzen da asko. Eta ez dakit moda den, beharra den, familia-kontziliaziorako bideetako bat den… baina hizkuntzak ikastea egoten da maiz planen baitan. Ez da oraingo kontua: esate baterako, 2011ko berri honetan agertu zen bezala, Gazteen Euskal Behatokiaren arabera lautik bat joana zen atzerrira hizkuntza ikastera (argitalpena zehatzago ikusi nahi baduzu, erakundearen webgunean bertan duzu eskura) Honi lotuta, kanpoan ikaste hori murriztu egingo zela irakurri nuen joan den otsailean.
Hizkuntzarekiko harremana ezinbestekoa dela ez dut ukatuko. Eleaniztasuna ezinbestekoa ere ei da… ama-hizkuntza ingelesa dutenentzat izan ezik, antza. Baina kontuan izan beharreko aldagai ugari dago, metodorik “onena” ez dagoen bezalaxe. Interesak eta negozioa ere badaude atzerrira horren atzetik. Eta doanaren helburuak eta heldutasun-maila; beti ez omen da ikasteko grina nagusi. Eta ez da merkea.
Pasadizoaren tartea –agian, hiri-legenda– Behin esan zidatenez, soldaduskan, Afrikan eta liburu batean oinarritua ikasi zuen batek euskara; alabaina, ez nioke inori bide hau gomendatuko.
Eta azken hausnarketarena: kanpokoaren laguntza behar denean, zer ari gara egiten hizkuntza formalean? Gizartean beste jauzi bat sortarazten, akaso? Izan ere, ikastetxe batzuetan edozer eginda ere menperatu egingo dute ikasleek bigarren –ala hirugarren– hizkuntza hori, ezta?